Erakusketa

Event Horizon

Urtea: 2019
Beste egile batzuk: Nader Koochaki
Erakunde laguntzaileak: Etxepare Euskal Institutua
Antolatzailea: Dastan Gallery

Zerbait atzeman ezin izateak ikuspegi berrien zerumuga bat irekitzen du. Espazioaren desokupazioa eskultoreentzat esplorazio-iturri izan da. Bestalde, sakratua denaren izaerak beti sorrarazi du eskuraezina den leku baten ideia. Gabeziak, negatibotasunak, bizitzaren adin diakronikoa erakusten du, eta heriotzaren onarpenak betiereko itzulera baten uhinen segida baretu egiten du. Errepikapenaren eta desberdintasunaren erritmoan, lurra zeruarekin batzen dituen mandala batean sartzen gara.

Zulo beltz baten existentzia lehen aldiz asmatu eta izendatu zenetik, hura irudikatzeko saiakerek hamaika irudikapen sortu dituzte. Margolaritzatik, marrazkigintzatik, literaturatik, esoterismotik, astronomiatik, fikzio-zientziatik… eta berriki argazkigintzatik, espazioko fenomeno bihurri hori irudi bakar batera ekartzen saiatu gara. Bitxia da fisikoki egiaztatu ezin dugun zerbaiten existentziaren ziurtasunak hain hizkuntza bisual errepikakorra sortu izana, eta deigarria bestalde zein ondo bat egin duen artearen egitekoarekin.

Hondoratze-dolinak gertakari geologikoak dira. Lurpeko akuiferoak husten direnean lurrak grabitateari amore ematen dio, zorua hautsi egiten da eta sakonera desberdineko barrunbeak sortzen dira. Arrazoi naturalengatik gerta badaitezke ere, giza jardueraren ondorio izaten dira gehienetan (ibaien ibilgua aldatzea, ur-baliabideak intentsiboki ustiatzea, meatze-ustiategiak bertan behera uztea eta abar). Bada, Irango Goi-ordokian hondoratze-dolinen kopuruak nabarmen egin du gora azken hogei urteotan.

Gertakari horietan arreta jarrita, erakusketa honek ingurumen-arazo bati buruz hitz egiteaz gain (lurralde baten basamortutzeari buruz, alegia), gizakiaren esku-hartzeari ere erreparatzen dio, paisaia sortzen, moldekatzen eta eraldatzen duen ekintza gisa. Beraz, guk paisaiari buruz dugun pertzepzioa aldatzen laguntzen digu. Gainera, barrunbe horiei kamera estenopeiko batekin argazkiak ateratzea erabaki izanak begiratzearen ekintza aberastu eta sintetizatzen du aldi berean: istripu fotografikoa istripu geologikoari lotzen zaio.

Landa-lana da proposamen honen beste alderdi garrantzitsu bat, geologian eta etnografian funtsezko iharduera dena. Izan ere, lan bat egiteko prozedura atelierretik kanpo eramaten denean, artearen diziplinak munduarekiko lotura berreskuratzen du, ezagutzaren forma sentikor guztiak bere inguruan bateratzeko gai izanik.

J.L. Borgesek Zahir idazlanean izate guztiak bere baitan biltzen dituen izate bat deskribatzen du. Ipuin horren arabera ez dago egitaterik, berdin txikia izan edo ez, historia unibertsala eta beronen kausen eta ondorioen kateatzea barne hartzen ez duenik. Antzera gertatzen da El Alephen, non puntu guztiak biltzen dituen puntu bat deskribatzen baitu, ikuspuntu posible guztiak begirada bakar batean batzen dituena.

Hondoratze-dolina batek misteriotsua zaigun mundu bat ireki eta zientzia eta fikzioa elkartzeko aukera ematen du. Lurra lurrera erortzen da, eta hutsune bat abstrakzioz betetzen da. Argazki hauen plano pikatu eta zenitalek gonbidapena egiten digute gure begirada oinarrizko esfera bateruntz zuzen dezagun: gainazaleruntz, lurreruntz.

PDF

Erlazionatutako agenteak:

Erlazionatutako sarrerak:

Privacy Overview
Astigarreta koop.

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.

Strictly Necessary Cookies

Strictly Necessary Cookie should be enabled at all times so that we can save your preferences for cookie settings.