

















































Zume negartiak (Salix Babilonica), eta oro har zumeen familia osoak (Salix), zoru hezeak ditu gogoko. Ziur aski, zume bat non aurkitu, hantxe topatuko dugu ura ere.
Zumea askotariko dohainak dituen landarea da. Hori dela eta, xede anitzetarako erabili izan da historian zehar: lanabesak, tresnak eta sokak egiteko; edergarri moduan; medikuntzarako, eraikuntzarako nahiz musikarako… Bere aldaxken bidez ugaltzeko duen erraztasunagatik eta nekazaritzan dituen erabilera ugariengatik, baserriek zume-sailen bat izan ohi zuten beren inguruetan.
Pinturan ere funtsezko eginkizuna bete izan du, txilarrarekin, olibondoarekin eta urkiarekin batera, zumearen zuraz ekoitzi izan baita ikatz-ziria, margolanak eta horma-irudiak zirriborratzeko erabiltzen den material hori. Ikatz-ziria historiaurretik baliatu izan da helburu artistikoetarako, labar-pinturetan ikus dezakegun bezala.
Azpimarratzekoa da zume negartiak (bid-e majnun) persiar sinbologian duen tokia. Bid terminoa wei-t- hitz indoeuroparretik eratorria da, zeinak biratu esan nahi baitu, tolestu, biribilkatu. Majnun, berriz, maiteminez erotu den pertsona izendatzeko erabiltzen da. Doluari eta tristeziari erreferentzia egiten dioten izenak aurkitzen ditugu beste hizkuntetan ere bai; esate baterako, alemaierazko trauerweide-k doluzko zumea esan nahi du.
Zume negarti baten gorputza zutitu eta makurtu egiten da hazi ahala. Lurretik zenbat eta gehiago altxatu, orduan eta errazago irits daiteke bertara, beherantz makurtuz, haren adar fin eta malguek lurra ukitu nahi balute bezala, beren jatorriarekin batzen dituen bizi-ziklo bat osatuz.





