

















































Apeiron / پیرامون erakusketak Miankaleh penintsulan aurkitutako zaldi kaspiar baten hezur-hondarrak, 4.600 ikatz-ziri txikituz osatutako ikatz-esfera bat, esporografiak eta Coprinus comatus serieko irudien proiekzio bat biltzen ditu, kare bizi hautsezko gainazal baten gainean. Irudikapenaren eta presentziaren arteko distantziari buruzko gogoeta batetik abiatzen da erakusketa, irudi gisa agertzen denaren eta aztarna, hondar edo materia gisa irauten duenaren arteko distantziatik.
Esporografiek, onddo ezberdinen esporekin eginak, tintaren antzeko efektuak sortzen dituzte lizpaper eta mihise gainean. Irudi kontrolatuak baino gehiago, sedimentazio eta sakabanatze prozesuetatik sortzen dira, non organismoen, denboraren eta azaleraren arteko harremanaren ondorioz agertzen den forma. Era berean, hezurrek eta karearen gaineko proiekzioek ez dagoen presentziaren aztarna gisa funtzionatzen dute; ikatz-esferak, berriz, marrazkiaren tresna objektu, gorputz eta materia kondentsatu bihurtzen du.
Apeiron grekera zaharretik datorkigun hitza da, eta mugagabea, amaigabea, agorrezina edo zehaztugabea [den hori] esan nahi du. Honela osatuta dago: a- (gabe) eta peirar (bukaera, muga edo ingurua). Gainera, antzekotasuna du pertsierazko piramon پیرامون (muga, zirkunferentzia edo ingurumaria) hitzarekin. Anaximandro filosofo eta geografo grekoa izan omen zen hitza lehenbiziko aldiz erabili zuena; hark «unibertsoaren sorrera» bezala definitu zuen, sorrera mugagabea eta zehaztugabea, gainbeherarik eragin gabe, denboragabe, ez hasierarik ez amaierarik izango ez zuen etengabeko mugimendu bat sor zezakeena. Erakusketak ideia horri heltzen dio berriro, formaren jatorriari, eraldaketari eta mugei buruzko gogoeta artikulatzeko.






